XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. ADITZ MULTZOAREN EGITURA.

1.1. IZEN SINTAGMA ETA ADITZA.

EGLU-1ean esaten den moduan (ikus 37. orr.), perpausa aditzaren inguruan gauzatzen da.

Hortaz, aditzak bakarrik osaturiko perpausak aurkituko ditugu edo, eta hau dugu kasurik arruntena, aditza eta beste osagai batzuz baliaturik eginak ere: a. atertu du

b. Jon etorri da.

c. Mikel agurtu dut mendian.

d. haur txiki hori gaisorik dago.

e. zazpi lagun horiek kantari ederrak dira.

f. Mirenen senarrarekin afaldu dute.

g. Bilboko alkatea joan berria da.

Perpaus bakuna aztertzen hasi garenean, aparteko lekua eskaini zaio izen sintagmari: Jon, Mikel, haur txiki hori, zazpi lagun horiek, Mirenen senarra, Bilboko alkatea, e. a.

Esan daiteke EGLU-1 eta EGLU-1 Eraskina deitu liburuetan gai hori, izen sintagmarena alegia, izan dela aztergai bakarra.

Hori dela eta, arreta handiz eta xeheki ikusi da zerk osa dezakeen izen sintagma hori eta zein den izen sintagmek perpausaren barnean har dezaketen ordena.

Ez gara, alabaina, izen sintagmara bakarrik mugatu: izen sintagmek kasu markak har ditzakete eta, orduan, adizlagunak edo izenlagunak osatzen dituzte: a. Mikel agurtu dut mendian.

b. Mirenen senarrarekin afaldu dute c. Bilboko alkatea joan berria da. Adibide hauetan badakigu, adizlagun edo izenlagun bakoitzaren azpian izen sintagma bat dagoela beti: mendia-n, Mirenen senarra-rekin, Bilbo-ko alkatea, e. a.

Bada hemen ikutu nahi ez dugun arazo bat, nolanahi ere: perpausaren osagai nagusienetako bat izen sintagma baldin bada, zein dira besteak?.

Aditz sintagma akaso?.

Adizlagunak eta gainerako osagaiak aditzaren inguruan eta azpian biltzen dira edo aditza eta beste osagai horiek pare parean daude?.

Arazo hau nahikoa sakona denez, eta haren aztertzea lan honen mugetarik kanpo geratuko litzatekeenez, ez dugu ezer esanen horretaz.